Berriak

2020/8/6 Cristina Enea Fundazioa

Casa Ponsol: Artisautza eta produktu naturalak 1838tik

Urtero bezala, San Sebastián Shops-ek, Donostiako merkatarien elkarteak, Urteroko Erakusleihoen Lehiaketa antolatu zuen 2019ko abenduan, eta Casa Ponsol izan zen Erakusleiho Iraunkor Onenaren kategoriako irabazlea.

Saria Cristina Enea Fundazioaren diagnostiko bat da, establezimendua ingurumenaren aldetik hobetzen lagunduko duena; kasu honetan, fundazioko langileek, jabeekin eta establezimenduko langileekin batera, salgai dituzten markak eta produktuak aztertu dituzte, Casa Ponsolen interesa eta inplikazioa azaleratuz eta balioetsiz, hainbat merkaturatze-lerrotan irizpide eta konpromiso jasangarriekin, bai ingurumenekoekin, bai sozialekin. "Beti saiatzen gara artisauarekin harreman zuzena duten edo produktu naturalak dituzten jendearekin lan egiten, ondo egindako gauzen kalitatean nabaritzen baita", adierazi du Iñaki Leclercq Casa Ponsoleko kideak. "Badakigu ezinezkoa dela produktu guztiak % 100 ekologikoak izatea, baina produktu naturalekin lan egiten duen baten bat ikusten dugun bakoitzean, produktu horiek aukeratzen saiatzen gara".

Casa Ponsolek lortu nahi dituen balio iraunkor eta sozialen adibide bat Panama estiloko kapelak dira. "Signes etxearekin lan egiten dugu, Alacanteko marka bat, oso artisau-lana ona egiten duena eta Ekuadorko indigenekin zuzenean harremanetan dagoena, horiek baitira lastoa lantzen dutenak, eta itzulera zuzenean nekazariarengana joan dadin eta bidean gal ez dadin saiatzen dira", esan du Leclercqek, eta gaineratu du ehun eta material naturalak erabiltzeaz gain, marka mota horren interesgarriena "artisau-lana eta jakinduria tradizionala" dela.

Casa Ponsol Donostiako kapelagileen dekanoa da, eta hasieratik harreman estua du lurraldean oso errotuta dagoen Gipuzkoako beste marka batekin, Boinas Eloseguirekin, alegia. Marka horrek material naturalekin egiten ditu bere produktuak. "Hemen bertan egindako hurbileko produktu bat eskaintzeaz gain, Oeko-tex ziurtagiriaren zigilua dute produktuetan, erabiltzen dituzten tindagaiak osasunerako kaltegarriak ez direla ziurtatzeko". Gainera, Boinas Eloseguin "%100 artile naturalekin” lan egiten jarraitzen dute, eta hasiera-hasieratik artisau-ekoizpeneko prozesuari eusten diote.

Casa Ponsolek merkaturatzen duen beste marka bat Stetson estatubatuarra da, "kimikoki tratatuta ez dauden kotoiakerabiltzen dituena, “freskoagoak eta arinagoak izan daitezen".

Kotoia eta liho naturala ere ohikoak dira establezimenduan aurki daitezkeen hainbat kapelutan. "Bezeroei beti gustatzen zaie produktuak atseginagoak izatea, ehun naturalak eta organikoak beti dira otzanagoak, eramateko errazagoak eta arinak; produktu naturalak dira preziatuenak".

Casa Ponsoletik 2020ko udako kapelen bilduma aurkeztu dute, ingurumen, jasangarritasun eta gizarte balioak azpimarratuz eta lehenetsiz. Hori guztia hemen behean ikus daitekeen bideoan jaso da.