Berriak

2018/5/4 ElkarrizketakErakusketakHidroLogikak

Carlos Arrola: "Pertsona bakoitzaren kontzientzian benetako eraldaketa bilatzen du 'Itsasbehera' erakusketak"

Carlos Arrola (Bilbo, 1982) surflari eta artistak 'Itsabehera' erakusketa berria aurkeztuko du Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean datorren maiatzaren 10ean (inaugurazioa 19:00etan), itsasotik gure kostaldera iristen den hondakin kopuru handiaren, plastikoa nagusiki, arazoari erreparatu nahi dion egitasmoa. Itsas-zaborrari buruzko hausnarketa hau Cesare Maglioni zuzendariaren 'Hondar 2050. Gure hondakina, gure arazoa' dokumentalaren jarduera osagarria da.

Zer erakusketa mota dakarzu Cristina Eneara, zer ikusiko du bisitariak?
Itsas-zaborrari buruz 4 urtetan zehar eginiko ikerketaren emaitza da. Azken urteko sormen artistikoaren lagin bete eta askotarikoa aurkituko du bisitariak. 'Hondar 2050' dokumentalaren grabaketan inspiratuz hondartzarekin, plastikoarekin eta sormenarekin harreman zuzenean izan naiz.

Nola eta zergatik sortu zen erakusketa hau egiteko ideia?
2015ean antzeko egitasmo batekin jo nuen Cristina Eneara, 'Itsaso kritikoa' izenekoa, eta babesa eman zidaten, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez, beraz azkenean ezerezean gelditu zen. 2017an Cristina Enea Fundaziotik nirekin jarri ziren harremanetan, gaiari buruz dokumental bat egiten ari den pertsona bat dagoela esateko, eta Cesare Maglioni ikusentzunezko ekoizlearekin jarri ninduten harremanetan. Dokumentala eta erakusketa sortzeko lanean hasi ginen horrela, bai eta finantzazioa bilatzen ere.

Zer hausnarketa edo ondorio sortzen ditu erakusketak?
Obra edo lan irekia da, kontzeptuan edo ideian jartzen du gehiago arreta, estetikan edo teknikan baino, espresioa da. Ikusleari bere ondorio propioak ateratzen uzten dio, eta hori horrela izan dadin bilatzen du, pertsona bakoitzaren kontzientzian benetako eraldaketa bilatzen du. Niretzat, ekintza ororen emaitza, esperimentazioa, hausnarketa eta aurretiazko ikerketa. 20tik gora lan daude: instalazioak, bideoartea, eskulturak, testuak, marrazkiak... beraz, modu askotara eta ikuspegi anitzetatik antzeman daiteke erakusketa. Lotuneak dira plastikoa, materia, bidaia, arazoa eta soluzioa.

Nondik jaso duzu erakusketarako materiala, eta zenbat kilo izan dira?
Beti jasotzen dut zerbait, hondartzara noan bakoitzean, baina baita kalean ere sarri. Obsesiboa da, baina garaiaren araberakoa. Kosta Blue Elkartearekin zabor-bilketak antolatzen ditugu Uribe Kostako hondartzetan, iaz Mundakan, Barrikan, Lemoizen, La Salbajen, Peñatxurin eta beste hainbatetan izan ginen. Bertako surf elkarteekin eta lokalekin ekitaldiak koordinatzen ditugu, beti dago partehartzea, aurkitutako materialekin haurrentzako elkar-eragiteko tailerrak egiten ditugu kontzientzia har dezaten. Kontzertu bat ere egiten dugu, hamaiketakoak, eta babesleetako batzuek (gehienetan surf-dendak) ematen diguten opariekin zozketak egiten ditugu.

Zenbat kilo? Ez dakit, baina nire kasuan garrantzitsuena ekintza bera da, zarata ateratzea, kausa honekin jendeak bat egin dezala animatzea, aldaketa kutsatzea. Kantitatea baino kalitatea da garrantzitsuena, zabor-bilketak sinbolikoak dira arazoaren larritasunarekin alderatuz gero. Soluzioa da masa kritikoa sortzea, eta horretan ari gara.

Nolakoa da zabor-bilketa prozesua eta zer irizpide jarraitu duzu?
Denetarik jaso eta interesgarri iruditzen zitzaidana gorde dut, gainontzea birziklatzera. Hortik aurrera sortzen ziren biltzen, sailkatzen, garbitzen eta gordetzen jarraitzera eramaten ninduten ideiak, ondoren, zentzu berri batekin, mezu kritiko batekin, gurera itzultzen diren aurkitutako, ahazturiko, materialekin egindako lanekin osaturiko erakusketa bitxi hau egin ahal izateko.


'Itsabehera' erakusketa maiatzaren 10etik uztailaren 8ra egongo da ikusgai Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.