Berriak

2020/11/27 Ingurumen albisteak

Black Friday-k sustatzen duen kontsumismoak planeta mehatxatzen du

Herrialderik kontsumistenetik jaso dugun ohituretako bat da ostiral beltza. Hala ere, gezurra da egun bakarra dela, hainbat baitira. Bultzadaz erostea sustatzeko 24 ordu baino gehiagoko beherapenak -benetakoak edo itxuraldatuak-. Festa honetako izarrak dira elektronika eta moda. Eta markak Black Friday 'berde' bat saltzen saiatzen diren arren, egia bakarra da bide jasangarri bakarra ez erostea dela... edo eredu ekonomikoa birpentsatzea.

"Zergatik onartzen ditugu Halloween edo Black Friday, baina AEBek ez dituzte gure eredu kulturalak barneratzen? Atzean interes ekonomiko handia dagoelako; jendeak alderdi onak soilik antzematen ditu eta ez ditu ondorioak ikusi nahi". Ecologing egitasmoko zuzendari, irakasle eta ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan aditu den Nicola Cerantolaren iritzia da horixe. Kontsumoaren inguruan muntatutako sistema guztiaz ari da. Aparailuak eta arropa azkar haustea komeni da, horrela gehiago erosiko dugula ziurtatua baitago. Bildumak eta modeloak  azkar aldatzea. Konponketa-tailerrak ateak ixten ari dira, aparailuak beren diseinuak ixten ari diren heinean, konponketa egiteko irekitzea galaraziz. Arropak gero eta kalitate gutxiago du eta horien konponketa nola egin dakien gero eta jende gutxiago dago.

Zenbat irauten zigun kotoizko kamiseta batek duela bi hamarkada ? Eta nola dago azken beherapenetan erosi zenuen hori? Harritu ordez, barneratua daukagu tresna elektroniko bat merkea bada, ez duela asko iraungo, eta garestia bada hilabete gutxi barru eredu hobea aterako dutela, eta arropak ez duela asko irauten. Agian ez da ezaguna kamiseta bat egiteko (250 gramo kotoi) beharrezkoak direla 2.700 litro ur, pertsona batek hiru urtetan edaten duen ur kopurua, Slow Fashion Next moda iraunkorreko aholkularitzaren arabera. Kontuan hartzen badugu urtean 100.000 milioi janzki egiten direla, nor harrituko da gure planetan dagoen ur-eskasiarekin? Aztarna hidrikoa kontzeptuaren asmatzaile Arjen Hoekstrak beste zifra bat ematen du: bakero galtza bakar batek 10.000 litro ur behar ditu. Arropa da, gainera, birziklatzeko materialik zailenetakoa, eta bere tindagaiak kutsakorrenak dira.

Kontsumoa = lehortea
Kontsumoaren eta lehorteen arteko harremanaren loturak aurkitzeko Ingurumen Ministerioko 2016ko ikerketa bat kontsultatu besterik ez da egin behar, ICADE Comillaseko Marketing irakasle Carmen Valorren arabera.

Bere esanetan ikerketak dio desertifikazioak hainbat kausa dituela, eta horietako bat da giza-jarduera: baliabideen erabilera ez-jasangarriak klima-aldaketa eragiten du, euriteak murriztearekin Espainiako desertifikazioa azkartuz.

Valorren arabera, "Black Friday bezalako ekimenek sortzen duten kontsumoa, inpultsoz eta neurri gabe kontsumitzera gonbidatuz, baliabideen erabilera ez-jasangarria ahalbidetzen duten arrazoietako bat da, era berean, desertifikazioa sustatuz. Erlazioa zeharkakoa da, baina hortxe dago: pentsamolde sistemiko batekin bakarrik hartzen dugu kontzientzia gure ekintzek gure ingurune gertukoenean eragiten dituzten ondorioen inguruan".

Eta gaineratzen du: "Hainbeste behar ez duzun zerbait erosten duzun bakoitzean, konpontzearen ordez zerbait erosten duzunean, norbaitek uztearen ordez erostea erabakitzen duzun aldiro, partekatu ordez erosten duzun bakoitzean, lehortea eragiten duen gurpil haundi bat olioztatzen ari zara".

Urik ez badaukagu, euririk egin ez duelako da, jakina. Baina ez du euririk egin, besteak beste, klima globala aldatzen ari garelako. "Inork ezin dezake ukatu aldaketa hori Black Friday bidez adierazten den ekoizpen eta kontsumo eredu batek eragiten duela".

Aholku bat: "Black Friday-ean, goiz osoa sustapenak eta eskaintzak bilatzen aritu ordez, egizu beste zerbait: har ezazu kafe bat lagun batekin, egin ezazu ibilalditxo bat parke batean zehar, zoaz museo batera edo egizuz gailetak seme-alabekin etxean. Gero nola sentitu zaren konparatu, eta kontatuko diguzu".

Eredu aldaketa
Birziklatzea jada ez da nahikoa, orain gutxiago kontsumitu beharra dago eta erosten dugunari kalitate gehiago exijitu. Iaz Amazonek 10 produktu baino gehiago saldu zituen segundoro, soilik Espainian... ia milioi bat produktu saldu ziren 24 ordutan, eta 10 gai salduenak produktu elektronikoak izan ziren. "Kontsumo konpultsiboaren inpaktua ikaragarria da, eta maila sozialean eta ingurumenari dagokionean bere ondorioak ditu", azaldu du Ecologing-eko zuzendariak. Gero eta kontsumo handiagoa "gero eta ingurumen-inpaktu handiagoa, gauzak ez direlako ongi egiten".

Cerantola ekodiseinuari buruz ari da. Ez da ekoiztu behar iraun dezan soilik, baizik eta ahalik eta inpaktu txikienarekin ekoiztu beharra dago, produktuaren bizi-zikloa kontuan hartuz, lehengai denetik erabiltzeari utzi eta botatzen den arte. "Produktuak ekodiseinatuak baleude, beren inpaktua hazkunde ekonomikotik bereiziko litzateke". Eta uste du kontsumoa sustatzeak ez duela aberastasuna sortzen. Bere iritziz, "dagoen eskaerarekin sistema industrialek presio handia jasango dute, ekosistemak kolapsatuz, eta horrekin batera janaria ekoizteko gaitasuna murriztuko da".

"Ekologistek 3 'R'-ak erakutsi zizkiguten: reduce (murriztu), reuse (berrerabili) eta recycle (birziklatu). Eta garrantzitsuena ahaztu zitzaigun, alegia, kontsumoa murriztea", adierazi du Comillaseko Unibertsitate Pontifikaleko Carlos Ballesteros Garcíak. "Pilaketaren kulturan gutako bakoitza 10.000 objekturen jabe da; Navajo indiarren kasuan kopurua 236 da. Gure gurasoek zituzten gauza kopuru bikoitza dugu, eta ez ditugu behar", baieztatu du Ecologistas en Acción elkarteko Kontsumo alorreko koordinatzaile Charo Románek. "Arropa da puntu kaltegarrienetakoa, baina baita teknologia ere, etengabe ordezkatua izateko egina baitago".

Ezer ez da hazten etengabe... zaborra izan ezik
2014an StEP egitasmoak (Solving the E-Waste Problem; NBEaren babesarekin) aurreikusten zuen 2017an  65 milioi tona zabor elektroniko egongo zela, bost urtean %33 haziz. Erabilgarriak ez diren objektu horien mundu osoko masa hori 40 tonako kamioietan garraiatuko balitz "ekuadorraren hiru laurdenak beteko lituzkeen autobide bat osatuko luke puntatik puntara", zioten orduan. 2014an -argitaratutako azken zifraren urtea- Espainiak 17,8 kilo sortu zituen biztanle bakoitzeko. Elektronikaren kontsumotik eratorritako beste arazo bat da aparailuaren "motxila ekologikoa". "Guztiak dauka bere baitan kable sorta bat, zerbitzariak, sateliteak, antenak... sarri ur azpitik dihoaztenak", azaldu du Charo Románek.

Zabortegi globala
48,1 milioi tona urtean. Hori da munduan sortzen den zabor elektroniko kopurua: piezak, nanotxipak, zirkuitoak... Koltanarekin edo natur eta giza baliabideen esplotazioarekin lotuta dauden baliabideekin lotura duten materialekin eginak.

Gainera, lehen munduarentzat janaritegi edo despentsa lanak betetzen dituzten hainbat herrialde zabortegi erraldoiak dira; beraiekin ezer egiten ez den zaborrezko mendi bat, beren osagaiak lurrera edo ibai eta ereite-zelaiak ureztatzen dituzten uretara pasatzen direnak.

"Sistema horrek guztiak ozeanoetan eta desertifikazioan eragina dauka, uraren zikloaren nahastearekin edo gero eta azkarrago ekoiztuz sortzen ditugun CO2 isuri handiekin lotura duelako", azaldu du Románek. Era berean, espazioko zaborra ere aipatzen du. "Gero eta hondakin gehiago dago orbitan. Zabor orbitalari buruzko argazkiak daude, horri buruz apenas hitz egiten den arren".

Sistemak "ordulari bat bezala funtzionatzen du, baina ingurumenarentzat bonba atomikoa den ordulari baten antzera, eta gainera, ohi baino azkarrago doan erloju horietako bat da", laburbildu du Ballesterosek. "2000. urtean dagoeneko esan zen mundu guztiak lehenengo munduko herrialdeek bezala ekoiztuko balu, hiru planeta beharko genituzkeela. Ekonomia linealak, gureak, azkar eta merke ekoizten du ingurumen edo lan-legediarik ez duten herrialdeetan, edo edukiz gero oso malguak diren lekuetan, gero eta kalitate eskasagoarekin". Modaren eta elektronikaren industriaren ekoizpen prozesuak -erauzketan oinarritua eta CO2 isuri handiak dituztenak- eta arroparen kasuan kutsakorra, arroparen tindagaiengatik, inpaktu deusestagarria dauka ingurumenarengan.

Inork ezkutatzen ez duen zaharkipena
Duela urte batzuk, Made in Germany-ren kalitate galerak kaltetu zituen pertsona talde bat, gerrila baten antzera antolatu zen zaharkipenaren aurka. Murks, Nein Danke proiektuak hausten diren produktuen zerrenda egiten du; tripak ateratzen dizkiete, ahal denean, konpontzen saiatzeko eta iruzurra non dagoen jakiteko. Batzuetan gaizki muntatutako pieza bat da, bestetan kalitate txarreko plastiko bat. "Gure bolondresetako bat ekoizpen-kateko langile bat da; krokadurek huts egin dezaten ontzi bat zenbat aldiz ireki behar den probatzen dutela dio, eta puntu horretara arte programatzen dituzte", esan du proiektuko zuzendari Stefan Schriddek Berlinetik.

Baina ekoiztu, erabili eta botatzearen ekoizpen lineala asko eta azkar saltzeaz arduratzen den bitartean, badira ekonomiako adar batzuk planetaren parte gisa gelditzen zaizkigun aukerez hausnartzen dutenak. Ingurumenaren Goi Institutuko Roberto Ruiz Robles deshazkundean aditua da (baliabide mugatuak dituen planeta batean bizi garenez hazkunde infinitoa ezinezkoa dela dioen ekonomiaren adarra). "Ezin diogu hazkunde jarraituari eutsi. Fisikoki ezinezkoa da. Ura oso adibide ona da: modu eraginkorragoan erabili beharra dago gero eta lehorte gehiago egongo direlako". Ecologing egitasmoko zuzendariarentzat "deshazkundea apostu bat da, kontsolagarri bat, baina modu benetazkoan bizi beharra dago eta tontakeri gisa ikusi hainbeste erostea".

"Erosle batek Black Friday-ri aurre egin beharko lioke bere buruari galdetuz zergatik erosten dituen gauzak, benetan behar ote duen objektu hori, gure bizitza hobea egingo duen ala bere esklabu bilakatuko gaituen", azpimarratu du Cerantolak. "Kontsumismoa errealitatearen desitxuraketa da. Behar ez ditugun objektuz inguratuak gaude, botatzea pena ematen diguten gauzez inguratuak. Hainbeste gauza edukitzea ez da positiboa, ez eta ona ere osasunarentzat edo ingurumenarentzat".

"Bezero bati egin dakiokeen mesederik onena da inpultsoz ezer ez erostera bultzatzea", dio Slow Fashion Next-eko zuzendari Gema Gómezek. Carlos Ballesterosek gogoratzen digun bezala, "objektu bat nire etxera iritsi baino lehen eta ondoren gertatzen den guztia ezkutatzen du kontsumoaren gizarteak".


Jatorrizko artikuloa El País-en argitaratua.