Berriak

2018/10/11 Bizikletaren Behatokia

Bizikletaren Behatokia: "Bidegorritik soilik bizikletan eta patinekin"

Donostiako Bizikletaren Behatokiak, Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuaren, Cristina Enea Fundazioaren eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearen elkarlanaren ondorioz sorturiko tresnak, bidegorrien erabilerari buruz oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako udal ordenantzak zer dioen gogora arazi du komunikatu baten bidez: bizikletari eta patinatzaileek soilik erabili ahal izango dituzte.

Sarri gertatzen da hiriko hainbat tokitan jendeak bidegorriak erabiltzea korrika egiteko edota bestelako kirol-jarduerak burutzeko. Hori dela-eta, Bizikletaren Behatokiak dio bizikleta erabiltzaileen kexa ugari jaso dituela, sentitzen duten arrisku-egoerei buruz ohartarazten, bai eta bizikleten erabilerarako dauden bideetan lasterka egiten duten pertsonek eragiten duten arriskua azpimarratzen ere. Eta arrisku hori areagotu egiten da bi bizikleta gurutzatu behar direnean, erritmo eta abiadura ezberdinen ondorioz gertatzen diren aurreratzeetan etab.

Gerta daitezkeen gatazka-egoerak konpontzeko biderik egokiena hiritarren gizalegezko eta elkarbizitza kontzientzia garatzea dela onartuz, Behatokiko arduradunek uste dute egoera hauek saihesteko bide onena dela herritarrak hezi eta informatzea espazio publikoaren erabilera egokian eta banaketan, hiritik zehar ibiltzeko oinezko, txirrindulari edo motordun ibilgailuen erabiltzaile bezala. 

Irakurri komunikatu osoa albiste honek atxikituta duen dokumentuan.