Berriak

2020/1/23 Ingurumen albisteak

Azken bosturtekoa duela 140 urtetik izandako beroena izan da

2019ak, mendeko batez bestekoa baino 0,95 ºC gehiagoko  tenperatura izan du. Zifra horrek berretsi egiten du goranzko joera, azken bosturtekoa eta azken hamarkada datu homologagarriak ditugunetik (duela 140 urte) beroenak bihurtu baitira.

2019a, gainera, 1880tik izan den bigarren urterik beroena izan da. Errekorra oraintsu, 2016an, izan da oraindik ere; beraz, adituek argi dute gas kutsagarrien isurketei lotutako joera iraunkor baten aurrean gaudela.

"Berotze globala bultzatzen duten berotegi efektuko gasen hazkunde tasak handitzen ari dira, ez murrizten", ondorioztatu du NASAren Espazio Azterketetarako Goddard Institutuaren txosten berri batek.

Administrazio Nazional Ozeaniko eta atmosferikoak (NOAA) ere parte hartu du, modu independentean, aurkeztu berri diren urteko datuak biltzen eta aztertzen, eta ondorioak antzekoak dira. Izan ere, 2019a izan da ozeanoetan urterik beroena datuak daudenetik.

"Ez da fenomeno meteorologikoren batek eragindako kasualitatea", adierazi du Gavin Schmitd Goddard Insitutuko zuzendari eta NASAren txostenaren egileetako batek; haren lehen sinatzailea James Hansen klimatologiaren aitzindaria da.

Bi agentziek (biak AEBko Gobernuaren mendekoak) asteazken honetan aurkeztutako emaitzen arabera, lurrazaleko batez besteko tenperatura globala XIX. mendearen amaieran zegoena baino 1,1 ºC altuagoa da orain.

"Amaitu berri den hamarkada da, argi eta garbi, erregistroko beroena", adierazi du Schmidtek. "60ko hamarkadatik aurrerakoa baino beroagoa izan da hamarkada bakoitza", gaineratu du.

Munduan zehar banatutako 20.000 lokalizazio baino gehiagotan bildutako datuek 1880tik lortutako erregistroak hartzen dituzte erreferentzia gisa errekorrak eta joerak ezartzeko. Data hori baino lehen, ez dago erregistro homologagarririk, baina, adibidez, Izotz Aroaren amaieran Lurra 4ºC eta 7ºC artean hoztu zen 5.000 urtean zehar. Egungo erritmoa, industrializazioari lotua, 10 aldiz azkarragoa da.

Tenperaturak igotzeak, NASAk gogorarazi duenez, izotz geruzaren masa galtzen laguntzen du, bai Artikoan, bai Antartikan. Eskualde horietako lehenengoan, gainera, 1970az geroztik izandako berotzea planetako gainerako eskualdeetan baino hiru aldiz azkarragoa izan da.

43 urte jarraian batez bestekoaren gainean
Zientzialarien arabera, azken hamarkadetan ikusitako berotzeak nabarmen gainditzen du ozeanoen eta atmosferaren aldakortasun naturalaren ondorioz gerta zitekeena. Izan ere, 2019a 43. urtea izan da jarraian, tenperatura nominalen batez bestekoaren gainetik. Hau da, lehengo batez bestekoak jada ez du gaur egungo normaltasuna ordezkatzen.

Mendearen erdialderako, 1951 eta 1980 artean ikusitako tenperatura da erreferentzia. Txosten berriko datuek %95eko fidagarritasuna dutela uste du NASAk. Bi agentzietako bakoitzak bere neurketak egiten ditu, eta, beraz, alde txikiak daude bataren eta bestearen datuen artean, nahiz eta biek joera bera erakusten duten argi eta garbi.

AEBetako agentzien txostena Advances in Atmospheric Sciences aldizkarian argitaratutako ikerketa batek 2019an ozeanoetako tenperaturetan errekor berri bat ezarri eta bi egunera iritsi da, orain NOAAren datuek baieztatu dutenez.


Jatorrizko albistea El Mundo-n argitaratua.