Berriak

2019/7/30 Ingurumen albisteak

Atzo xahutu genituen urte guztirako lurrak eskaini dizkigun natur baliabideak

Atzo astelehena, uztailak 29, iritsi ginen Earth overshoot day delakora, edo beste modu batera esanda, urte osorako genituen natur baliabide guztiak xahutu ditugun eguna. Gaurtik aurrera beraz, hurrengo urterako egokitzen zaizkigun natur-baliabideak kontsumitzen ari gara.

Kalkulo hori egiteko, Global Footprint GKEak karbono-aztarna aztertzen du, bai eta arrantzan, nekazaritzan eta abeltzaintzan kontsumitutako baliabideak eta eraikuntza eta uraren erabilera ere. 2018an Earth overshoot day hori beranduxeago iritsi zen, abuztuaren 1ean. Urtetik urtera lehenago iristen ari da egun hori iragan mendeko 70. hamarkadaz geroztik. 1970. urtean esaterako, puntu horretara abenduaren 23an iritsi ginen, eta orduz geroztik ez dio aurreratzeari utzi.

Egoera honek eragiten du gure energia eta natur-baliabideen eskaerari aurre egiteko une hauetan 1,75 planeta behar izatea.

Global Footprint Network erakundetik diote "gainkontsumo horren ondorioak agerikoak dira: ur-eskasia, desertifikazioa, lurraren higadura, nekazal-ekoizpenaren eta arrantza-erreserben beherakada, deforestazioa, espezieen desagerpena", eta gaineratzen dute "zorpean bizitzea behin-behineko neurria izan behar da, natura ez delako mugarik gabe ustiatu dezakegun hobia".

CO2 isuriak, berotegi-efektuko gas nagusia, dira baliabideen gainkontsumo horren eragile handiena, mundu osoko aztarna ekologikoaren %60 baitira.