Berriak

2019/9/27 ElkarrizketakLiberaUliako Interpretazio Zentroa

Arte iragankorra: artea eta natura eskutik, Ulian izango den jarduera interesgarian

Datorren urriaren 12an, larunbata, artea eta ingurumena uztartuko dituen jarduera baten lekuko izango da Ulia Interpretazio Zentroa. Idea Bat Elkarteko lagunekin naturan eginiko arte iragankorra zer den ikasiko dugu, "zoriaren baitan utzitako deskonposatze kontzeptu baten oinarriarekin eta betierekoa ez dena, ingurumenean kalterik ez eragiteko". Antolatzaileen esanetan, jarduera honetan parte hartzen duten lagunek "artearen bidez naturarekin elkar-eragiteko modu ezberdinak" ezagutuko dituzte, eta giza jarduerak ingurunean izan ditzakeen inpaktuaren gainea hausnartuko dute, ingurumen-arazoen kontzientzia hartuz. Parte-hartzaileek egindako artelanak, bertan geratuko dira, behin behinekoak, txikiak eta naturan inongo kalterik eragiten ez dutenak izango baitira.

Jardueraren sustatzaile den Idea Bat Elkarteko kideeekin solasean izan gara naturan eginiko arte iragankorrren inguruan gehiago jakin asmoz.

Zer da artea naturan edo Land Art delakoa?
60 eta 70. hamarkadetan sortu zen mugimendu artistikoa da Land Art, non paisaia eta artelana bera uztartu egiten diren. Baina egiten den moduaren, erabiltzen diren materialen eta lanak denboran irauteko duen izaeragatik, gehienetan lanak inpaktu bat eragiten dio ingurumenari.

Arte mota honen kontrako muturrean arte suntsikorra edo iragankorra sortu zen, alegia, Naturan utzitako materialekin eginiko lanak, zoriaren baitan utzitako deskonposatze kontzeptu baten oinarriarekin eta betierekoa ez dena, ingurumenean kalterik ez eragiteko.

Urriaren 12an, larunbata, “Arte iragankorra naturan” izeneko tailerra emango duzue Ulian. Zertan datza jarduera hori?
Ulia mendian zehar ibilbide bat egingo dugu inguratzen gaituen ingurunea aurkezteko parte-hartzaileei. Ondoren artearen bidez naturarekin elkar-eragiteko modu ezberdinak azaltzen dizkiegu. Aldi berean, bitartekaritza artistikoko ariketa ezberdinak egiteko gonbita egingo diegu, nahi izanez gero arte iragankorreko lanak egin ditzaten, hala nahi izanez gero.

Nori zuzenduta dago? Zer ekarpen egingo die tailerrak parte hartzen duten lagunei?
Helduei eta helduz lagundutako haurrei dago zuzenduta. Tailer honekin gure begientzat ikusezin diren alorrei balioa emango diegu, haur zein helduei sormena piztuz, natura errespetatzen ikasiz eta inguratzen gaituen ingurunearekin modu ezberdinean konektatuz.

Aurretiazko esperientzia edo ezaguerak beharrezkoak dira tailer honetarako?
Ez da beharrezkoa esperientzia edukitzea tailerrean parte hartzeko, ez da ezta ere beharrezkoa inolako arte motarik egiten edo praktikatzen jakitea. Une atsegin bat pasatzeko eta naturarekin beste modu bateko harremanak sortzeko gogoa besterik ez da behar.

Amaitzeko, nola animatuko zenukete jendea jarduera honetan parte hartzera?
Arte iragankorreko jarduera bat ez da menditik ibilalditxoa egitea besterik gabe, guztion eskura dagoen esperientzia bat da, antzematen eta sentitzen duguna izaera materiala duen zerbaitetan gauzatzen duguna. Naturan eginiko esperientzia artistikoek kontzentrazioa hobetzen dute, sormena pizten dute eta gure ingurunearekin modu ezberdin eta berritzaile batean lotzen gaitu, gure ongizatea handiuz.

 


Izen-emateak hemen.