Berriak

2020/6/9 Ingurumen Baliabideen EtxeaKoronabirusa

Ariketa fisikoa eta natura uztartzen dituen ekimen berria garatu du Cristina Enea Fundazioak

Deskonfinamendu-faseek aurrera jarraitzen duten heinean, herritarrek aukera gehiago dute kalera ateratzeko. Nolanahi ere, covid-19a saihesteko osasun eta segurtasun neurriek urruntze soziala sustatzen dute, oraindik ere. Horrexegatik, Cristina Enea Fundazioak nork bere kabuz egiteko jarduerak antolatzeari ekingo dio aurtengo udan, taldeetan eginiko jarduerak antolatzeak dituen arriskuak saihestu aldera. Jarduera horietan lehenengoa, gaurkoan ezagutzera eman duena da: hiriko hiru naturgune esanguratsutan ariketa fisikoa egiteko ekimena.

Proiektuaren arduradun Jose Mari Rodriguezek adierazi duenez, “hiriko naturguneek aukera paregabea eskaintzen digute jarduera fisikoa modu merke, jasangarri eta gozagarrian egiteko, eta aukera hori baliatuz, hiru kokalekutan ariketa fisikoa egiteko aukera eskaini nahi diegu herritarrei”. Kokaleku horiek dira, hain zuzen ere, Cristina Enea Fundazioak kudeatzen dituen hiru udal-ekipamenduak dauden naturguneak: Cristina Eneako parkea, Urgull eta Ulia mendia. Gaur, ekainaren 9a, Cristina Eneako parkean egin daitezkeen ariketak aurkezten ditugu, eta datozen asteetan gainontzeko kokalekuetakoak argitaratuko ditugu (ekainaren 16an Urgull eta ekainaren 23an Ulia).

Hiru kokaleku horiek ingurumenari eta historiari lotutako aberastasun handia daukate eta jarduera fisikoa egitea aitzakia ere bada leku horien inguruko informazioa helarazteko herritarrei. “Kokaleku bakoitzean 10 lekutan egiteko 10 ariketa diseinatu ditugu, adin eta baldintza fisiko guztietako jendeak egin ditzan”, azaldu du Rodriguezek. Urgullen, esaterako, San Telmo Museotik hasi eta Aquariumera doan ibilbide bat zehaztu da, hamar geldialdirekin, eta geldialdi horietako bakoitzean ariketa bat proposatu. “Ariketa bakoitzak, gainera, hiru aldaera izango ditu, bakoitzak bere egoera fisikoari egokitutako ariketa egin dezan; batekin, oreka eta malgutasuna landuko du, bestearekin, kardioa eta indarra; azkenarekin, erritmoa eta sakontasuna”.

Proposatzen diren ariketak “oso errazak” direla dio Jose Mari Rodriguezek, bakoitzak jarriko dizkiolako mugak bere buruari. “Flexioak, abdominalak edota burpee-ak egiteko ariketak daude, baina baita eskailerak igotzeko eta jaisteko ariketak, oin-puntetan ibiltzekoak edota korrika pixka bat egitekoak ere”.

Leku irekian eta naturarekin kontaktuan aritzeak “endorfinen maila hobetzeaz gain, D bitamina sortzen lagunduko digu, bai eta lasaitzen eta estres maila baretzen ere”, azaldu du Cristina Enea Fundazioko kideak. Gainera, ariketa fisikoa egiten dugun heinean, “Cristina Enea, Ulia eta Urgull bezalako kokaleku bereziak hobeto ezagutzeko aukera izango dute herritarrek”.

Ariketak zehazten diren esku-orriak Cristina Enea Fundazioaren webgunetik (www.cristinaenea.eus) eskuratu daitezke digitalki PDF formatuan, eta fisikoki eskuragarri egongo dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Ulia Interpretazio Zentroan, Sanm Telmo Museoan, Donostia Turismoren bulegoan eta hiriko hainbat kultur-etxetan. Esku-orrietan, gainera, QR kodeak izango dira, mugikorrarekin eskaneatu eta kokaleku bakoitzeko ariketen inguruko informazio gehiago jasotzeko.


ESKURATU CRISTINA ENEA PARKEAN EGITEKO ARIKETA FISIKOAREN ESKUORRIA HEMEN