Berriak

2017/4/10 HidroLogikak

Argazkilaritzak udaberria ureztatuko du

Gutxi falta da uraren eta ibaien inguruko hausnarketa sustatzea eta Urumea ibaiari bere protagonismoa itzultzea helburu duen HidroLogikak egitasmoko egitaraua ezagutzeko, baina programazioak biltzen dituen zenbait jarduerak dagoeneko ireki dute izena emateko epea.

Aurreko aldietan bezala, 2017ko HidroLogikak ekimenak ere ibaiari eta urari lotutako jarduera uholdea ekarriko du. Bi aipatzekotan, Lurdes R. Basolí eta Jon Cazenave argazkilari profesionalek, hurrenez hurren maiatzean eta ekainean emango dituzten tailerrak azpimarratuko genituzke. Tailerrak 'Ibaia ez da toki bat' laborategiaren laugarren edizioa dira aldi berean, eta oraingoan Errebelazioak izena izango dute.

Lurdes R. Basolík iazko HidroLogikak egitasmoan ere parte hartu zuen Danubiori buruzko hitzaldi interesgarri bat emanez. Hitzaldi hartan 8 emakume argazkilarik ibai hartan Inge Morathen pausoak jarraituz burutu zuten proiektuak azaldu zuen. HidroLogikakeko 2017ko edizio honetarako Basolík 'El río como retrato' argazkilaritza-tailerra zuzenduko du, non Urumea izango den protagonista nagusia.

Tailerra doakoa izango da eta bertan aztertuko ditugu mundu zabaleko hainbat ibaitan eginiko lan esanguratsuak, Basolík Danubion eginikoari harreta berezia eskainiz. Lan horiek guk geuk Urumea ibaiari buruz egingo dugun argazki-erretratoa sortzeko inspirazio bilakatuko zaizkigu. Parte hartzeko interesa dutenek gehienez 5 argazki bidali beharko dituzte [email protected] helbidera, izen-emate gehiegi egonez gero partehartzaileen aukeraketa bat egin ahal izateko.

Tailerra maiatzak 5etik 7ra izango da, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean (ostirala 17:00-20:00 / larunbata 10:00-19:00 / igandea 10:00-13:00). Parte hartzeko beharrezkoa izango da argazki-kamera eramatea eta argazkigintzari buruzko oinarrizko ezaguerak edukitzea.

Zianotipia ezagutuz
Ekainean, bestalde, Jon Cazenave argazkilari donostiar ezagunak zianotipiaren mundura gerturatuko gaitu. 'Urdin Urumea' izeneko tailer honen helburua da zianotipiaren prozesuaren bidez irudiak lortzeko teknikara gerturaketa bat egitea. Teknika horrek eskaintzen dituen aukera grafikoak esploratuko ditugu Urumea ibaira gerturaketa esperimentala egiteko eta espazioaren, argiaren eta denboraren arteko harremana ikusgai egingo duen lana sortzeko.

Tailerra ekainak 16tik 18ra izango da, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean (ostirala 17:00-20:00 / larunbata 10:00-19:00 / igandea 10:00-13:00). Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik argazkigintzari buruzko ezaguerak izatea.

Informazio gehiago eta izen-emateak: 943453526 / [email protected]

 

Irudia: Lurdes R. Basolí