Berriak

2019/6/12 Elkarrizketak

Alex Gesse: "Estresa murrizten, sistema immunologikoa sustatzen eta sistema kardiobaskularra hobetzen laguntzen dute baso-bainuek"

Hirietan gero eta murgilduago bizi gara. Gure bizimoduaren erritmo azkarrek naturarengandik gero eta gehiago urruntzen gaituzte, horrek gure osasunarengan ondorioak dituelarik: estresa, antsietatea eta baita sistema kardiobaskularrean alterazioak ere. Baso bainuetan aditua den Álex Gesse gida eta giden formatzailearen eskutik, metodologia japoniar hau frogatzeko aukera izango dugu ekainaren 22an. Teknika honen bitartez, naturarekin harremanak eskaintzen dizkigun onurak berreskuratuko ditugu. Uliako basoetatik paseoa, ekintza gidatuekin uztartuz, zentzumenak ireki eta gorputza indarberrituko digun esperientzia bat biziko dugu. Teknika japoniar honetan gehiago sakondu nahi duenak, bainuaren ondoren eta igandean zehar, Forest Therapyk ziurtaturiko Alex Gessek berak emango duen ikastaroan baso bainuak burutzeko gaitasuna eskuratu dezake, horretarako behar ditugun teknikak modu praktikoan ezagutu ahal izango dituelarik.

Alex Gesserekin berarekin mintzatu gara baso-bainuak zer diren eta zer onura daukaten jakiteko.

Zer da baso-bainu bat, nondik dator eta nola sortu zen?
Baso-bainu bat zuhaitzen azpian murgiltzea da. 2-3 ordu emango ditugu zentzumenak esnatzen, abiadura murrizten eta ingurunearekin eta gainontzeko parte-hartzaileekin konektatzen. Baso-Bainuen Institutuak (Instituto de Baños de Bosque - IBB) modu horretara bideratzen dugu jarduera. Aipatu beharra dago ez dagoela teknika bakarra, eta horrexegatik alholkatzen dudana da gida bat kontratatu aurretik erabiliko duen teknika zein den jakitea.

Baso-bainuak Japonian sortu ziren, laurogehiko hamarkadan, hirietako biztanleen estres maila altuak murrizteko eta hiri handietako ongizate-turismoa landaguneetara erakartzeko helburuarekin.

Zer onura dakar baso-bainu batek?
Ikerketa zientifikoek erakusti dute naturan denbora pasatzeak makina bat onura eragiten dutela orokorrean, bai eta zehazki baso-bainuek ere. Onura horietako batzuk dira estresa murriztea, hobekuntza kognitiboak, sistema immunologikoa sustatzea eta sistema kardiobaskularra hobetzea, besteak beste.

Zeren arabera eskain ditzake baso-bainu batek onura gehiago edo gutxiago parte-hartzaile bati?
Baso-bainuek pertsonen osasunaren eta ongizatearen alor ezberdinen gainean egiten dute lan. Alor horietako batzuk, esaterako ingurumenari, gorputzari, sistema immunologikoari eta buruari lotutako osasuna naturan egoteari atxikiak daude. IBB-n aplikatzen dugun teknika gidatua teknika japoniarrean dago oinarrituta, gure guzartera egokitua eta osasun mentalaren eta sozialaren inguruan basoak eskain ditzakeen efektuak indartzera bideratua.

Ekainaren 22an baso-bainu saio bat egingo duzue Uliako basoan. Zertan datza jarduera?
3 orduz basoan murgilduko gara. Gidak sugestio sorta bat eskainiko du parte-hartzaileen zentzumenak esnarazten laguntzeko, eta gorputzaren abiadura murrizteko, alegia, basoan modu kontzienteagoan denbora bat emateko. Honela, jarduera bat egiten den eskenategi soil bat izateari uzten dio basoak eta egunaren, pertsonaren, errealitatearen zati bilakatzen da. Izen-emateak jada beteta daude, baina ekainaren 22tik 23ra baso-bainuei buruzko formakuntza ikastaro bat ere antolatu dugu.

Eta saio hau zertarako da? Nori dago zuzenduta?
Tailerra baso-bainuetara sarrera bat izango da. Pauso bat gehiago eman eta baso-bainuak beren kabuz egiteko teknikak ikasi nahi duten lagunei dago zuzenduta. Ikasketa bat etxera eraman nahi dutenentzat. Informazio guztia eta izen-emateak www.institutodebañosdebosque.com webgunetik egin daiteke.