Berriak

2019/3/28 ElkarrizketakHamargarren urteurrena

Alex Fdez. Muerza, ingurumen-kazetaria: "Hainbeste informaziorekin sarri mezua ez da iristen edo ez da iristen ez dagoelako kalitatezko informaziorik"

Alex Fernandez Muerza (Bilbo, 1972) aurpegi ezagunenetakoa da ingurumen-kazetaritzaren eta dibulgazioaren esparruetan. 15 urtetik gora daramatza hedabide eta egitasmo ezberdinetan lanean eta kolaboratzen, buruan helburu bakarrarekin: ingurumen eta zientzia alorretako informazioaren dibulgazioa egitea. Elkarrizketa honetan dio bere lan esparruan sarri duen sensazioa dela informazioa "betiko jendearengana" iristen dela, jende kontzientziatuarengana, sektoreko adituarengana, baina ez herritar soilengana, edo ez behintzat beharko lukeena bezala, eta "oraindik lan handia" dagoela egiteko.

Hasierak. Nola, noiz eta zergatik hasi zinen ingurumen dibulgazioaren mundu honetan?
Kazetaritzako ikasketak amaitu ondoren Kazetaritza Zientifikoan espezializatzea erabaki nuen, horren inguruko tesi batekin doktoretza atra eta alor horretako zenbait hedabiderekin kolaboratzen hasi nintzen. Nolanahi ere, zehazki ingurumen gaiak jorratzen duela 15 urte hasi nintzen Eroskiren Consumer aldizkarian eta webgunean. Beti interesatu izan zaizkit gai hauek eta karrera amaitu nuenean espezializatzea erabaki nuen irteera pofesional gisa ikusten nuelako, nire lanean balio erantsia emateko modu bat.

Orain zer proiektutan zaude sartuta?
Nire Twitterreko profilean jartzen dudan bezala, "kutsatzaile" multimedia eta multimediatikoan bilakatu naiz, egiten dituen lanak hain anitzak izanik. Erreportajeak argitaratuz Muy Interesante bezalako medioetan, Hablando en Vidrio (Ecovidrio), Neumáticos en Verde (Signus) edo La energía de Luzía (IDAE) bezalako ingurumen-dibulgazioko blog korporatiboetan; kazetarientzako klima-aldaketari edota ekonomia zirkularrari buruzko gidaliburuak egiten, martxoaren 6tik 8ra Donostian izan den Change The Change klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentziatik pasa ziren adituei bideoz elkarrizketak egin ditut baita ere, Ihobe - Eusko Jaurlaritzak eskatuta, UNEDen Kazetaritza eta Dibulgazio Zientifikoko Masterrean irakasle naiz eta tarteka gai hauen gainean hitzaldiak eta solasaldiak ematen ditut; eta, tira, oraindik su motelean lantzen ari diren beste makina bat egitasmotan ere banabil, baina horien inguruan ezin dut momentuz askorik esan.

Zeintzuk dira zure ustez gizarte bezala ditugun ingurumen-erronka nagusiak? Eta ingurumen dibulgazioari eta kontzientziazioari dagokienez?
Klima-aldaketa, zalantzarik gabe, guztiari eta denoi eragiten digulako, eta arazo hori konpontzeko lanean jarri behar garelako ahalik eta azkarren. Kutsaduraren arazoa ere aipatuko nuke, gure aire kalitateari eta itsasoei eragiten diena. Ingurumen dibulgazioari eta kontzientziazioari dagokienez, eta paradoxikoa dirudien arren, gizartearen egungo desinformazioari eta gain-informazioari dagozkien erronkak aipatuko nituzke, baita fake news-ak ere (albiste faltsuak edo kirtenkeriak). Hainbeste informazio dugu, sarri mezua bera ez dela iristen, edo ez da iristen ez dagoelako kalitatezko informaziorik. Manipulazioa eta albiste faltsuak beti egon dira, egia da, baina gaur hain da erraza egiten, hainbeste jenderengana hain denbora gutxian iritsiz!

Atzo bertan gertatu zitzaidan adibide bat: jende "normalez" osatutako talde batekin hitz egiten ari nintzen, eta pertsona batek eguzki energiaren gaia atera zuen, eta aipatu zuen uste zuela oraindik indarrean dagoela 'eguzkiari ezarritako zerga'. Beste pertsona batek jakin ere ez zekien zer den eguzkiari ezarritako zerga. Eta ikasketak zituzten pertsonak ziren, jende informatua, hustez. Lan handia dugu egiteko, batik bat kaleko jendearekin. Betiko jendearengana iristen gara, jende kontzientziatuarengana, sektoreko adituarengana, baina ez herritar soilengana, edo ez behintzat beharko genukeen bezala.

Ingurumenarekin adeitsuagoak eta jasangarriagoak diren gizarte ereduetara eraldaketa erdiesteko beharrezkoa da kontzientziazioa. Zer eginkizun dute hedabideek kontzientziazio horretan? Ondo ari dira egiten?
Kazetari guztiek esango dizute hedabideen eginkizun informatzea dela, eta ez da gutxi, baina ez kontzientziatzea edo heztea. Baina ust dut informazioaren bidez, kalitatezkoa bada behinik behin, jendeak hausnartu eta pentsatu dezake, ingurumen arazoen eta soluzioen inguruan kontzientziatu. Zentzu horretan, lan onak egiten ari dira, baina gehiago landu beharra dagoela uste dut.

Nola aldatu da dibulgazio zientifikoa egiteko modua, zu lan honetan hasi zinenez geroztik?
Asko aldatu da! Hasi nintzenean internet egon bazegoen arren, orain bere gaitasunek eta garapenak guza asko egitea ahalbidetzen dute, posibilitate multimedia eta transmediak gero eta gehiago dira. Baina horretarako, gai horien alde apustu egingo duten profesionalak eta medioak beharrezkoak dira, bai eta baloratuko duen publikoa ere. Eta prekarietatea handitu besterik ez da egin. Egungo baldintzekin, txapela kentzeko modukoa da egiten diren hainbat lanen kalitatea. Pentsa baldintza duinak baleude!