Berriak

2020/7/15 Ingurumen albisteak

Aizarnako baserriaren erresilientzia gaitasuna mendez mende

Aizarna 200 biztanle inguruko herria da. Gipuzkoa iparrean kokatuta dago, kostatik hurbil, sakonune karstiko txiki baten barruan. Bertako paisaia Euskal Herri atlantikoan ohikoa den mosaiko dibertsifikatuak osatzen du, baserriak, soroak, larreak zein mendiak tartekatuta. 2016tik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Paisaia Kulturalen ikerketa-taldeak tokiko paisaiaren epe luzeko historia aztertzeko proiektua garatu du bertan, eta ia 2.000 urteko historia dokumentatu ahal izan du.

Erromatar garaiko bizigune bat
Lehen sorpresa Erretore etxearen lorategian egindako indusketa arkeologikoak ekarri zuen, parrokia-elizatik oso hurbil. Bertan, metro eta erdiko sakoneran, neurri handiko hainbat habe azaldu ziren, guztiz kiskalita; inguruko lurra ere gorrituta ageri zen, suaren ondorioz. Habeak haritz-egurrezkoak ziren, eta eraikuntza-markak ere erakusten zituzten. Egitura arkitektoniko baten arrastoak ziren, ziur aski etxe batenak; erradiokarbono bidezko datazioak K.o. I. mendean kokatu zuen haren erretzea. Data horrek bat egiten du indusketan topatutako zenbait zeramika-puskarekin, erromatar garaiko ohiko moldeak erakusten baitituzte.

Erretore etxekoa ez da eskualdean topatu den Antzinaroko lehen aztarna. Amaldako koban, adibidez, K.a. I. mendeko txanponak azaldu ziren, eta ezaguna da Zarauzko zein Getariako portuak martxan zirela garai hartan. Hala ere, Aizarnako aurkikuntzak interes berezia du, egungo herrien azpian halako erregistroak ohikoak izan daitezkeela iradokitzen baitu. Kontuan izanik Euskal Herriaren isurialde atlantikoan landa eremuko aztarnategi arkeologikoak oso urriak direla, plantea liteke, beraz, orain arte “historiarik gabe” mantendu diren herri eta auzo askok erro zaharrak izan ditzaketela.

Lur-erregistroak, iraganeko nekazaritzaren artxibo
Aizarnako paisaiaren bilakaera historikoa nekazaritzak baldintzatu du batez ere. Aski da herrian barna paseatzea ohartzeko jatorrizko topografia guztiz eraldatuta dagoela. Gainazal lauak sortzeko, higadura gutxitzeko eta uren zirkulazioa errazteko, soroak hormaz, lubakiz zein betelanez egokituta ageri dira. Herriko hainbat puntutan egindako zundaketa geoarkeologikoek erakutsi dutenez, betelan horietan jasotako lur-erregistroek iraganeko jardueren artxibo aberatsa osatzen dute, egungo paisaia historia luze baten emaitza dela frogatuz.

Aranguren baserri alboko ibarrak, adibidez, bi metroko betelana dauka. Horren baitan zenbait geruza bereiz daitezke, fase historiko desberdinen lekuko. Sakonena ―eta, beraz, zaharrena― lurzoru “naturalaren” gainean kokatuta dago; jatorrizko sedimentuaren antzeko buztin-mineralez osatuta egon arren, geruza honen ezaugarri fisiko-kimikoek iradokitzen dute tenperatura altuak pairatu zituela. Ondorioz, pentsa daiteke inguruko mendi-magalak suaren bidez deforestatu zirela, gero errautsez aberastutako lurra soroaren betelan gisa erabiltzeko.

Erradiokarbono bidezko datazioak V. edo VI. mende aldera kokatu ditu operazio horiek, baina badirudi haien bidez sortutako lurzorua zenbait mendez landu zutela. Alde batetik, materia organikoaren kontzentrazioa areagotu egiten da geruzaren gainazalean, ongarritzearen ondorioz, eta bestetik lurraren propietate magnetikoek adierazten dute suaren erabilera ohikoa izan zela haren kudeaketan. Baliteke soroa zenbait urtez landu ondoren lugorri uztea, gero bertan hazitako sasiak erre eta haien errautsekin bere emankortasuna berritzeko. Aizarnako landa-paisaiak, beraz, Erdi Aroaren hastapenean kodifikatutako laborantza-ziklo honetan ditu bere erroak.

Egoera guztiz aldatu zen XIV. mendean, uholde batek Arangureneko soroa suntsitu zuenean. Hainbat mende lehenago jarritako betelanaren gainazala urak ekarritako hartxintxar-geruza batek estali zuen, laborantza oztopatuz. Kontutan hartu behar da garai hartan hasi zela Izotz Aro Txikia, Europa osora ezegonkortasun klimatikoa eta, ondorioz, krisi ekonomiko zein soziala ekarri zituena. Euskal Herrian ere, jauntxoen arteko bando-gerrek argi erakusten dute garai hartan nagusitu zen giro nahasia; 1383koa da, hain zuzen ere, Aizarnako biztanleek Zestoako hiribildua eraiki ahal izateko Gaztelako erregeri egindako eskaera, “inguruko zaldunen indarkeria” pairatzen zutela eta horrek kalte larriak eragiten zizkiela argudiatuz.


Jatorrizko artikulua Argia aldizkariaren webgunean argitaratua. Irakurri osorik hemen.