Berriak

2019/9/17 Cristina Enea FundazioaHamargarren urteurrena

Aire zabaleko murgiltze-antzerkiko 4 ostiral Cristina Eneako istorioak ezagutzeko

2016an ‘Uda gau bateko ametsa’ antezlanak irekitako bideari ekinez, aurtengo irailean eta urrian Cristina Enea parkea antzeztoki erraldoi bilakatuko da, murgiltze-antzerki egitasmo berritzaile baten bidez istorio bitxia kontatzeko.

“Cristina Enea parkean gertatutako istoriei buruzko pelikula bat filmatzeko 35 figurante behar dira”. Bere 10. urteurrena ospatzeko Cristina Enea Fundazioak, Aizpea Goenaga eta Borobil Antzerki taldearen eskutik, aurkezten duen airepeko antzezlana horrelaxe hasten da. Parkean bertan kokatzen den film baten filmazioan, toki paregabe honetatik pasa diren pertsonaia berezi batzuk ezagutzeko aukera izango dugu.

Honela, ostiral bakoitzean bi saio izango dira (17:30ean eta 19:00etan) 35 pertsonarentzat bakoitza (sarrerak Cristina Enea Fundazioaren webgunean erosi beharko dira – www.cristinaenea.eus). Aste honetan ostiral honetako saioetarako sarrerak eros daitzke. Gainontzeko saioetarako sarrerak astelehenean eskuratu ahalko dira, irailaren 23an.

Txema Hernandezek Cristina Enea Fundazioko zuzendariak adierazi du “honakoa aitzaki ezinhobea da fundazioak herritarrekin ospa dezan bere hamargarren urteurrena”. Okasio honetarako espreski Aizpea Goenagak idatzi eta Anartz Zuazua aktoreak koordinatutako lan bat da honakoa, elebitan antzeztuko dena (euskaraz eta gazteleraz), eta ikusleak beraiek “antzezlanaren partedun izango dira, murgiltze-lan bat izanik (inmersiboa)”; honela, aire zabaleko ikuskizun honetaz gozatzera datozen lagunak “parkeko garai ezberdinak istorio paregabe batean lotzen duen antzezlaneko protagonista eta figurante izango dira; istoriotik, gainera, parkearekin estuki lotuta dauden pertsonaiak pasako dira, besteak beste Mandasko Dukesa bera edota Gladys del Estal”, azpimarratu du Hernandezek.

Saioak irailaren 20 eta 27an, eta urriaren 4an eta 11an izango dira, 17:30ean eta 19:00etan, 60 minutuko iraupena izango dute gutxi gorabehera eta beharrezkoa izango da sarrerak aldez aurretik erostea Cristina Enea Fundazioaren webgunean (salneurria 5€ eta gehienezko pertsonak saio bakoitzean 35).


Argazkia: José M. Azcona