Berriak

2019/12/18 Agora K2050Cristina Enea FundazioaErakusketakGabonak zuretzat!HaurrakHazieraIngurumen Baliabideen EtxeaUliako Interpretazio Zentroa

2019/2020 neguko jardueren agenda

Igande honetan, abenduaren 22an, goizeko 5:19an hasiko da ofizialki negua. Cristina Enea Fundazioa egun gutxi batzuk aurreratu da, eta gaur aurkeztuko du urtaro berri honetarako jardueren agenda. Datozen hiru hilabeteetan, Cristina Enea Fundazioak mota guztietako jendearentzako jardueraz beteriko agenda programatu du.

Agenda honek, aurrekoek bezala, oso aitabitxi/amabitxi berezia izango du: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa, Gordailua. Erakunde honen helburu nagusia lurraldeko kultur ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea da, eta Cristina Enea Fundazioarekin batera, Urtaroko pieza izeneko proiektu berri bat inauguratuko du, Cristina Enea Fundazioaren erakusketa-proiektuen programaren barruan, Gipuzkoako zientzia eta kultur erakundeetako bildumetan ingurumenarekin eta zientziarekin erlazionatutako piezak ikusgai jarriz.

Negu honetako jarduerak abenduaren 23an hasiko dira Gabonak Zuretzat programarekin, eta haurrentzako jarduera ugari izango dira bertan, urtarrilaren 3ra arte. Gainera, ohi bezala, neguko oporraldi hauetan bi zinema saio izango dira txikienentzat, eta bertan Yugo & Lala eta Sagu & Paku animaziozko filmak proiektatuko dira.

Erakusketen atalean, neguko agendak udazkenekoaren lekukoa hartzen du, eta abenduaren erdialdean inauguratutako 10. Urteurrena izeneko erakusketarekin jarraitzen du, Cristina Enea Fundazioaren hamargarren urteurrenari eskainita, eta beste 2 erakusketa berri gehituko dizkio eskaintzari, aste honetan bertan Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean inauguratuko direnak. Haziera proiektuak, laborantzari eta haziei buruzko ezagutza partekatzera bideratutakoak, hazi-landaketak egiten eta haziak zaintzen edo ugaltzen ikasteko saioak programatuko ditu berriro neguan, eta martxoan hegaztien mundu interesgarrira hurbilduko gara, Cristina Enean eta Ulian hegazti arruntenak identifikatzen ikasteko tailer banarekin.

Jarduera horiek guztiak eta askoz gehiago jasota daude albiste honi erantsitako dokumentuan. Hala behar duten jardueretarako izen-emateak atal honetan egin behar dira.