Berriak

2018/12/20 Agora K2050Cristina Enea FundazioaErakusketakHaurrakHazieraIngurumen Baliabideen EtxeaJantziAgainUliako Interpretazio Zentroa

2018/2019 neguko jardueren agenda

Ostiralean, abenduak 21, gaueko 23:23an amaituko da aurtengo udazkena eta neguaeri ekingo diogu, orotara 89 egun eta 20 ordu iraungo duen urtaroa, zehazki 2019ko martxoak 20 arte. Datozen 3 hilabeteetan, Cristina Enea Fundazioak publiko guztiei zuzendutako jardueraz beteriko neguko agenda antolatu du.

Era berean, aurreko agendek bezala, honakoak ere amabitxi berezi bat izango du. Kasu honetan Cosima Dannoritzer zuzendaria, martxoan Donostiara etorriko dena bere azken lana aurkeztera, 'Time Thieves' izenekoa. Zuzendariak, beste behin ere gure bizimoduen eta ohituren jasangarritasunean jartzen du arreta, zaharkitzapen programatuari buruzko 'The Light Bulb Conspiracy' lan txalotuarekin egin zuen bezala. Dokumental berri honekin Dannoritzerrek denek nahi duten beste baliabide bati buruz hitz egingo digu: gure denbora. Dokumental hau dirua trukerako txanpon nola bilakatu den azaltzen digun ikerketa bat da, eta baliabide preziatu baina mugatu horren kontrola nola erreklamatu dezakegun azaltzen du.

Neguko agendako jarduerak abenduaren 26an hasiko dira, 'GABONAK ZURETZAT' ekimenarekin, urtarrilaren 4ra luzatuko diren haur eta gaztetxoentzako tailer eta zine-proiekzioekin. Era berean, agenda honek udazkenekoaren lekukoa hartuko du, jada urritik eta azarotik ikusgai dauden bi erakusketarekin jarraituz, baina beste 4 gehiago ere programatuz, datozen asteetan irekiko direnak. Horien artean aipa dezakegu 'Klima aldaketa, hau komeria. Erakusketa bat, bi esposizio' erakusketa nazioarteko eta bertako komikigileek eginiko marrazki eta biñetekin osatua, besteak beste Olariaga, Txispas, Maite Gurrutxaga, Mattin edo Paula Estevez.

Hitzaldien atalean, klima-aldaketari buruz Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San telmo Museoak elkarlanean antolatutako Agora K2050 hitzaldi-sortak ere pisua izango du neguko agendan. Otsaileko saioan beraz, Garapen Jasangarrirako Helburu izango dira mintzagai, eta horretarako Donostian izango da Agenda 2030erako Espainiako Goi komisarioaren ordezkaritza bat.

Cristina Enea Fundazioko agendetan ohikoa den bezala, JantziAgain egitasmoari loturiko ehungintza-tailerrak eta Haziera ekimeneko haziei lotutako tailerrak ere izango dira agenda honetan, bai eta Mater Museoa itsasontziarekin Uliako itsaslabarrak ikustera joateko irteerak ere, besteak beste.

Jarduera horiek guztiak eta are gehiago, albiste honek atxikituta duen dokumentuan jasota daude. Izen-ematea behar duten jardueretarako jo atal honetara.